XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer-nolako eragozpenak dituzte?

-Askotan berandu hasten dira eskolan eta ez dira egunero joaten; hori horrela, desfaseak gertatzen dira ikaskuntzan eta iharduerak burutzeko nahiz eskolako giroan integratzeko eragozpenak sortzen dira.

-Eskolako arau asko onartzea kostatzen zaie, euren inguruan nagusi diren arauen aldean oso desberdinak direlako: ordutegiak, egutegia, elikadura-arauak, etab.

-Dituzten aldez aurretiko azturak eta eskemak eskolan nagusi direnez bestelakoak dira, eta horregatik eragozpenak dituzte eskolako zenbait egoera egoki ebazteko.

-Ikaskuntzarekin zerikusia duen aztura ugari, hala nola, arreta jartzea, eserita egotea, txanda heldu arte itxarotea, iharduera kontrolatzea, etab. irakatsi behar zaie, geroko ikaskuntzak ahalbidetzeko asmoz.

-Zenbait kasutan, eskola dela-eta dituzten igurikapen eta interesak oso sinpleak izaten dira, irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikastea nahikoa iruditzen zaie eta ez dute inolako motibaziorik beste gauza batzuk ikasteko.

-Askotan arazoak dituzte besteen erritmoari jarraitzeko, gorabeheraz jositako eskolaketa baitute, hots, kale ugari egiten dutelako, interes desberdinak edo bestelako aldez aurretiko ikaskuntza batzuk dituztelako.

Nola lagun diezaiekegu?

-Eskolan sartzeko prozesua mailakatuagoa, malguagoa eta, azken batean, egokiagoa izan dadin saiatuz, eskolara moldatzeko denbora luzeagoa beharko dutela aurrikusi behar dugularik.

-Euren munduari, familiari, etxeari, euren kontuei buruz hitzegiteko aukera ematen dien iharduerak proposatuz; gertatu zaienaren, etxean ospatu dutenaren, atsegin zaienaren eta abarren gainean mintzatzera bultzatuz.

Eskola-ingurunean sartzen lagundu behar diegu.

-Dituzten interesen berri izaten saiatu behar dugu, haiekin hitzegin eta haien ingurunerekin konektatzen nahiz haurren afektua gureganatzen ahalegindu.

-Ikasleen arteko elkarrizketak eta elkarreraginak bultzatu ez ezik, irakasle-ikasleen arteko elkarreraginak indartu behar ditugu.

-Eskolako programazioan haurren jatorrizko kulturako jolasak eta elementuak sartu behar ditugu, hala nola, errefrauak, abestiak, jolasak, etab.

-Haurren familia, lan-egoera, etxebizitzaren egoera, etab. pertsonalki ezagutu behar dira, haurrak ulertzeko eta interesatzen zaizkien nahiz aurrerapenak erdiesten lagunduko dizkien proposamenak egin ahal izateko.